Gaztetan mendian eta Pirinioetan asko ibiltzen den edozeinek bezala, nik ere beti izan dut jomugan noizbait GR-11 oinezko zeharkaldia egitea, hau da, Pirinioak itsasotik itsasora zeharkatzea, Cap de Creusetik Hondarribira edo alderantziz. Baina gutxienez 40 egunekoa eta fisikoki exijentea izanik (20-30 kilometro eta 1000-2000 metroko desnibeleko etapak), eguneroko bizitzako kontu garrantzitsuagoen artean horri tokia egin ezinik urteak pasatzen joan ahala, aukera hori gero eta ezinezkoagoa ikusten joan naiz, 50 urteetara hurbiltzean errealitatea begien aurrean ikusi eta inoiz egingo ez dudala onartu arte...
Aldi berean, badira hogei bat urte Arrasate jaioterritik Errenteriara bizitzera etorri nintzela, eta hemendik askotan joan ohi gara Iparraldera mendian ibiltzera, eta Ipar Euskal Herriko Pirinioak aurkikuntza itzela izan dira, zein paraje ederrak! Hegoaldeko gehienontzako ezezagunak dira, zenbat pisatzen duen "muga"k gure buruetan... Eta mendi-ibilaldi horietan askotan ikusten nuen karteletan aipatuta GR-10, eta azkenean apur bat informatuta jakin nuen zer den: hau ere Pirinioak itsasotik itsasora zeharkatzen dituen mendi-ibilaldia da, baina kasu honetan ipar isurialdetik egiten duena, Hendaiatik Banyulsera edo alderantziz. Hau ere ezezaguna, "muga" berriz...
Eta poliki-poliki, asmo bat indarra hartzen joan zen nire gogoan: GR-11 edo GR-10 zeharkaldi osoa ezingo nuen egin, baina zergatik ez bien Euskal Herriko zatiak? Bakoitza 10 bat egunetan egiten da. Gero eta gogo handiagoa nuen, baina urteak ere aurrera zihoazen zirt edo zart egin gabe... Eta azkenean iazko udan, jada 50 urteak beteta, GR-10aren Euskal Herriko partea egin nuen, Hendaiatik Belagoara.
GR-10 zeharkaldiaren Euskal Herriko zatia egun gutxiago izan arren eta Pirinioak zati horretan hain garaiak ez izan arren, badu bere exijentzia-maila eta gogortasuna. Baina gogorragoa edo egingarriagoa izan daiteke egiteko moduaren arabera.
Hiru modutara (behintzat) egin daiteke zeharkaldia:
Nire kasuan, lehenengo bi modalitateak tartekatuz egin nuen. Iazko iraila hasieran zenbait jai egun zeudela aprobetxatuta, opor egun batzuk baliatuta 10 egun hartu nituen zeharkaldia egiteko. Baina jai ziren egunetan, neska-laguna etortzen zen kotxearekin laguntzera, ibilbidearen hasierako zati bat egiten zuen, autora bueltatu, etapa amaierara joan eta han enkontrura atera. Hala, egunen erdia laguntzarekin oso arin egin nuen, egun horretarako beharrezkoekin soilik, eta beste erdia bigarren moduko gauza guztiekin, 55-65 litro eta 15 kiloko motxilarekin (badaezpada gauza asko hartzekoa naiz ni, txikiagoa izan daiteke). Oro har oso ongi moldatu nintzen arin zein pisuarekin joan nintzen egunetan. Baina bidean gurutzatzen nituen edo ibilaldiaren zati bat eta hizketalditxoa partekatzen nituen dena beraien kontura egiten ari ziren batzuekin, eta motxila erraldoi karratu batzuk zituzten, 100 litrokoak-edo izango zirenak eta ez dakit nik zenbat kilokoak... Ez dakit gaur dudan adinean horrela egiteko gai izango ote nintzen.
GR-10 zeharkaldiak etapa ofizial-edo batzuk ditu, baina zenbait tokitan aldaerak ere badaude, etapa luzeagoak edo motzagoak eginda. Esan bezala, nik Euskal Herriko zatia egin nuen, eta hauek dira horko etaparik ohikoenak:
Ibilbide ohikoena hori da, baina badaude alternatibak edo aldaerak:
Artikulu hau idaztean nire helburua izan da zeharkaldia ezagutarazi eta informazio apur bat emango zuen atalen bat egotea sarean euskaraz, nik ez baitut ezer aurkitu gure hizkuntzan. Baina egiteko asmoa baduzue, hobeto informatzeko eta planifikatzeko badaude nik baino informazio osoagoa eta hobea dauzkaten bi webgune:
Aholku eta informazio piloa dago bertan: etapak, ostatuak, aterpetxeak, bordak eta kanpin-denda jartzeko tokiak, eramateko arropa eta materiala...
Esan bezala, kotxea izanez gero mugituta aukera asko izan dezakegu ostatatzeko, eta kanpin denda izanez gero toki asko daude lo egiteko egokiak herrietan zein mendian. Baina ez badugu kotxerik eta ez badugu kanpin dendarik eraman nahi, etapa amaieretan dauden ostatu eta aterpetxeetan lo egin beharko dugu, eta horietan erreserbak egitea komeni da, zenbait tokitan ez baitago hainbesteko aukerarik eta toki gabe gera gaitezke. Herri edo etapa amaiera gehienetan ostatu aukera bakarra edo pare bat daude, ni leku batzuetan tokirik gabe geratu nintzen, eta hori irailean, uztail edo abuztuan askoz okerragoa da. Donibane Garazin aukera askoz handiagoa dago hor Santiago Bidearekin gurutzatzen delako, baina justu horregatik hor da tokia aurkitzen zailena... Aterpetxeetan lo egin daiteke 15-30 eurotan, pentsio-erdian 35-65 eurotan, batzuetan hurrengo eguneko jatekoa ere prestatzen dute oso merke. Herri batzuetan badaude zeharkaldiko aterpetxeez aparte hotelak eta bestelakoak ere, baina hauek askoz garestiagoak izan ohi dira.
Goian aipatu ditudan webguneetan badaude GPS track-ak jaisteko, eta Wikiloc-en ere asko aurki daitezke. Nik ere erabili nituen horrelakoak, telefonoan eta OruxMaps-en kargatuta, orain ez dut gogoan nondik hartu nituen track-ak zehazki. Baina erabili nituenak behintzat oker zeuden hainbat tokitan, zaharrak ziren agian, zati batzuetan gauzak eraikita zeuden eta bidea moztuta zegoen, beste batzuetan bide markatua beste toki batetik zihoan... Nik markatutako bidea eta seinaleak jarraitu nituen beti eta track-ak grabatu nituen, eta noizbait nahita edo nahi gabe desbideratu banintzen ondoren editatu egin nituen track-ak. Eta Wikiloc-era jada gauza gutxi igotzen badut ere (gauza antzeko gehiegi dago eta nahasgarria izan daiteke), kasu honetan nire track-ak igo ditut, informazio zuzena eta eguneratua egon zedin Euskal Herriko zatiaz eta euskaraz. Hemen daude:
Orain, aspektu eta zehaztasun praktikoak alde batera utzi eta balorazio subjektiboa egingo dut. Egun batzuetako mendi-zeharkaldi bat egitea, gaztetan egiten genuen gisara, esperientzia zoragarria izan zen eta ikaragarri gozatu nuen. Egun batzuk bakarrik egin nituen, beste batzuk semeak edo zati batzuetan neska-lagunak lagunduta, jendea ere ezagutu nuen bidean... eta beti ongi. Menditik ibiltzea, erreketan bainatzea... Zer gehiago behar du pertsonak? Herri eta ostatuetan aurkitutako jende euskalduna ere oso jatorra da, eta toki askotan dakite euskaraz, gure aurreiritziengatik pentsatzen duguna baino askoz gehiago. Beti plazera da iparraldeko jendearekin hitz egitea, mugez gaindi elkar ezagutzea... eta euskaraz arituta tratua ere berezia da, toki batzuetan detaile ikaragarriak izan zituzten.
Gainera, lehenago esan dudan bezala, paraje ezin ederragoa dira Ipar Euskal Herriko Pirinioak. Zeharkaldian bertan ez badago ere, kotxea genuen egun batean arratsaldean Arpeara joan ginen, eta harako errepidetik ikusten den Errozate menditik behera doan bailara beharbada inoiz ikusi dudan mendi-paisaiarik ederrena izango da (eta ez ditut gutxi ikusi!), guztiz zirraragarria izan zen.
Iazko udako hori eta gero, lehenbailehen horrelako beste bat egiteko gogoz geratu nintzen... Bada, uda honetan laster egingo dut GR-11-ren Euskal Herriko zatia, aurrekoa utzi nuen tokitik, hau da, Belagoatik, Hondarribiraino! Kontatuko dizuet!

Euskal Herriaren historia lantzen duten komikiak izan genituen aipagai aurreko batean, eta horri dagokionez lan aipagarrienetakoa egiten ari dena (Asiskorekin batera) Adur Larrea da, bereak baitira horietako asko: Gabriel Aresti BioGrafikoa, Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak, Antzara Eguna, Iraultza eta bizi! Burgosko auzia... Bada, orain, Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak sortutako EKE-Elkar literatura bekaren bidez, Lurbinttoko ohoinak komikia egin du. Frantzia eta Espainiaren arteko Konbentzioaren Gerran milaka lapurtarrek beren etxea utzi dute (batzuk gerran aritzeko, beste batzuk gerratik ihesi hegoaldera pasatu direlako, eta beste asko herri “traidoreetakoak” izateagatik landetaratuak izan direlako), eta itzultzean –Euskal Herriaren eskubide historikoak zanpatuta aurkitzeaz gain– euren lur eta ondasunak okupatuta edo erreta daudela ikusi dute. Hala, batzuk lapur talde bat osatu dute, izenburuko ohoinak hain zuzen, erauste, ebasketa eta deportazioen arduradunez mendekatzeko. Jakin beharreko historia, bikain landutako eta marraztutako istorioan. Komikiaren iruzkin bikaina egin du (ohi bezala) Mikel Begoñak Komikeri blogean.
Mundu guztiko gaztetxoen artean bezala, izugarrizko arrakasta du gurean ere mangak edo Japoniako komikiak. Haatik, inoiz ez da mangarik euskaraz argitaratu... orain arte! Izan ere, Kataluniako Ooso argitaletxeak uztailean euskaraz ere atera zuen (gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz gain) X-Venture – Gorputza krisian – Erreskate handia 1 – Arnasketa eta digestio aparatua manga, Japonian 2021ean argitaratua eta Hot-Blooded Souls ezizeneko autoreak egindakoa. Eta abenduan etorri da jarraipena, sailaren bigarren zenbakia ere euskaraz atera baitu, X-Venture – Gorputza krisian – Erreskate handia 2 – Zirkulazio-aparatua. Manga pedagogiko edo zientifiko motakoak omen: fikzioa dira, abenturazkoak, baina bide batez zientzia kontuak ikasteko ere balio dute. Japonian haur eta gazteek irakurtzeaz gain eskoletan ere baliatzen dira. Komiki hauek ere, zehazki, arrakasta eta salmenta handiak izan dituzte. Darwin doktorea koman sartzean, Bennet doktoreak proba fasean dauden mikromediku robotikoak sartzen ditu haren arnas eta digestio aparatuetan, salbatzen saiatzeko...
(Asko entzuten da azken aldian kriptodiruaren inguruan, baina irudipena dut orokorrean jendeak ez dakiela askorik horren inguruan. Argi pixka bat ematen saiatzeko, artikulua idatzi nuen Elhuyar aldizkariaren martxoko zenbakian kriptotxanponen eta NFTen inguruan. Eta gaiak pizten duen jakinminaren erakusgarri, artikulua irakurri ostean elkarrizketa bana egin zidaten Goiena telebistan eta talde bereko Puntua aldizkarian. Telebistako elkarrizketa, Larraitz Zeberiok egindakoa, online ikus daiteke. Baina Puntua paperean soilik argitaratzen denez, eta elkarrizketa –nire ustez– ongi atera zenez eta jende askorentzat interesekoak diren kontuak daudenez, blogean argitaratzeko baimena eskatu nien eta haiek eman. Beraz, hemen doa elkarrizketa, paperak ezinbestean jartzen dituen mugek behartutako mozketa gabeko bertsio osoan, Puntua aldizkarian ateratako PDFarekin batera –haien eskariz–. Testua zein irudiak Txomin Madinarenak dira.)
Testua eta argazkiak: Txomin Madina.
Elhuyar Fundazioko informatikaria eta ikertzailea da Igor Leturia (Arrasate, 1971) eta ia hogei urte daroa hizkuntza- eta hizketa-teknologien arloan lanean. Teknologiaren bueltako bestelako gaiei buruzko artikuluak ere argitaratzen ditu eta kritikoa da kriptodiruarekin.
Zer da zehazki kriptodirua?
Diru edo txanpon normalen atzean estatu bat edo herrialde bateko banku zentral bat egoten da, gehiago noiz atera erabakitzen duena eta txanponen transakzioen inguruko kontrola eramaten duena. Kriptodiruaren atzean, bakarrik algoritmoak eta metodo kriptografikoetan oinarritutako softwarea daude. Software hori da kriptotxanponen jaulkipena zenbatean behin eta noiz egingo diren kontrolatzen duena, baita horien meatzaritza ere. Adibide bat jartzearren, bitcoin kriptotxanponaren kasuan, softwarean bertan sartuta dago nola izango den bitcoinen jaulkipena: guztira 21 milioi bitcoin aterako dira, eta jaulkipen erritmoa aurrez dago erabakita, hau da, ez da izango uneko egoera ekonomikoen araberakoa. Lau urtean behin erdira jaitsiko da erritmo hori. Horrek esan nahi du lehenengo lau urteetan jaulki zirela erdia, hau da, 10 milioi eta erdi, hurrengo lau urteetan laurdena, hurrengo lauetan zortzirena... Beraz, gaur egun, bitcoinen % 90 inguru (18 milioi edo) aterata daude, eta falta diren 3 milioiak joango dira ateratzen erritmoa lau urtero jaisten etengabe.
Bitcoina kriptodiru mota bat da, baina gehiago daude, ezta?
Bitcoina lehen kriptotxanpona da, berarekin batera sortu zen kriptodiruaren kontzeptua eta horren oinarri teknologiko guztia, adibidez blockchain edo bloke-kateen teknologia. Satoshi Nakamoto izeneko norbait, edo izen hori erabiltzen duen kolektibo bat, izan zen sortzailea; inork ez daki zein dagoen atzean. Txosten bat argitaratu zuen esanez zer izango zen bitcoin, zertan egongo zen oinarrituta... eta softwarearen lehen inplementazioa egin eta martxan jarri zuen. Baina gaur egun kriptotxanpon mota asko dago.
Kriptodiruaren atzean nor dago? Nork jaulkitzen du?
Esan bezala, Satoshi Nakamoto izan zen softwarea sortzen eta makinetan instalatzen lehena, baina gero sortu diren txanponen kasuan (ethereum, dogecoin, litecoin...), bakoitzaren atzean beste enpresa eta interes batzuk daude. Interesa duen edonork sor dezake kriptotxanpon bat lehen esandako software hori aprobetxatuta, dagoenetan edo moldatuta. Diote estatuak ere ez ote diren kriptotxanponak sortzen hasiko diru arruntaren alternatiba edo osagai legez, nahiz eta hori kontraesankorra izan kriptodiruaren definizioarekin.
Nola lortzen da kriptodirua?
Bi modu daude. Batetik, beste edozein txanponen moduan lortzen da: nik dolarrak baditut eta zuk euroak, kopuru baten truke erosiko dizkizut. Kriptodiruaren kasuan, badaude horretarako bitartekariak. Baina bestetik, meatzaritza deitzen den kontzeptua dago. Esan bezala, bitcoin kopuru mugatua dago, eta urrearekin gertatzen den bezala, gero eta gehiago lortu, gero eta gutxiago geratzen da eskuragarri. Urrea meategietan meatzaritza eginda lortzen den legez, kriptotxanponekin ere horixe egiten da, meatzaritza. Baina kriptodirua ez denez zerbait fisikoa, softwareak berak definitzen du zein izango den meatzaritza modua: ariketa kriptografiko batzuk zehazten ditu, eta horiek ordenagailuen bidez ebazten dira, meatzaritza softwarea martxan jarrita. Ebatzi dituzula frogatuz gero lortuko dituzu kriptotxanponak; horretan datza meatzaritza. Mundu guztian zehar meatzaritza egiten dabiltzan ordenagailuen artean banatzen ditu jaulkiko diren kriptotxanpon berriak. Etxeko ordenagailu arrunt batekin lortzea oso zaila da, ordenagailu oso potenteak dituzten etxaldeak daude meatzaritza egiten.
“KRIPTODIRUAREN INGURUKO TEKNOLOGIAK ENERGIA ASKO KONTSUMITZEN DU”
Zer erosi ahal dut kriptotxanpon bat lortzen badut?
Hasieran, ohiko muga fisikoak gainditu eta erosketak mundu digitalean egiteko aukera emango zuen txanpon bat lortu gura zen. Orduan hainbat zerbitzu ordaintzen ziren kriptodiruaz, baina gaur egun oso gutxi erabiltzen da benetako salerosketarako. Gaur egun batez ere espekulaziorako erabiltzen da, eta horren eraginez bere balioak dituen gorabehera handiengatik ez da erabiltzen salerosketa arruntetan. Inork ez du txanpon batekin zerbait erosiko hurrengo egunean askoz gehiago balioko duela jakinda, gorde egingo du; eta alderantziz, txanpona jaisten ari bada edo jaitsiko dela aurreikusten bada edo horren arrisku bat badago, orduan dendek ez dute onartuko horretan ordaintzea, hurrengo egunean askoz gutxiago balio dezakeelako.
Hori bai, kriptodiruak anonimotasuna gordetzen duenez, bai erabiltzen omen da legez kanpoko salerosketetarako: drogak, armak, pertsonen trafikoa, diruaren zuriketa… Dark Web-eko operazioetan erabiltzen omen dira.
Zu zeu kritikoa zara kriptodiruarekin. Zergatik?
Egiten zaion erabilerarekin naiz batez ere kritikoa. Zalantzak ditudan arren, etorkizunean eta egoera jakin batean kontzeptu interesgarria izan daiteke. Baina egun, esan bezala, espekulaziorako erabiltzen da kriptodirua, epe motzeko salerosketak egiten dituzten inbertitzaileak-eta erakarriz. Burtsako akzioekin edo etxebizitzekin gertatzen den bezala, interesa dagoen artean gauza baten prezioak gora egiten du, eta orduan batzuk erosten dituzte soilik epe motzean garestiago saltzeko asmoarekin, eta horretaz bizi ere egiten dira batzuk. Eta hori gertatu da kriptotxanponekin: etorkizuna omen direla-eta, interesa sortu zen horiek eskuratzeko, hasieran agian interes logiko edo zilegia zena, baina balioa gora eta gora doan neurrian, gero eta gehiago sartzen dira inbertitzaile eta espekulatzaileak. Urteak dira hasierako kriptotxanponak igo eta igo ari direla, eta ezegonkortasun hori da ekonomia errealean erabiltzea oztopatzen duena. Orain, dagoeneko aberatsa dena gero eta gehiago aberasteko tresna dira.
Kriptotxanponen inguruko teknologiak energia kontsumo handia du, gainera. Kriptotxanponen softwareak funtzionatzen dute blockchain izeneko teknologiarekin, fidagarritasuna eta manipulaezintasuna ematen diona. Baina hori lortzeko softwarea eta datu-basea deszentralizatuta daude, hau da, makina askotan instalatuta, eta kriptografia asko erabiltzen da. Datu-base bat ordenagailu bakarrean beharrean hainbatetan errepikatuta egoteak kontsumo handia dakar, baita softwareak egin behar dituen kalkulu kriptografikoak egiteak, eta meatzaritza egiteko martxan dauden makina guztiek ere. Egungo testuinguruan, larrialdi klimatiko baten, energia asko xahutzen da: esaten da azpiegitura horrek guztiak Europako tamaina ertaineko herrialde batek adina kontsumitzen duela. Tristea da espekulaziorako eta aberatsak gehiago aberasteko planetari horrelako kaltea egitea.
“UNE HONETAN, BEHINTZAT, EZ DA BATERE IDEIA ONA KRIPTODIRUAN INBERTITZEA”
Gazteengan izaten duen eraginak ere kezkatzen zaitu.
Gazteen artean bakarrik ez, orokorrean gizartean ari da hartzen indarra kriptodirua. Interneten, sare sozialetan-eta, iragarkiak azaltzen dira; telebistan ere bai; hirietan kriptotxanponak salerosteko denda fisikoak ari dira agertzen... Ia hamabost urte bete badira kriptodirua sortu zenetik, zergatik eman du azkenaldien teknologiazaleen eta espekulatzaileen ingurutik gizarterako saltoa? Bada, nik uste dut dela lortutako kriptodiru hori guztia kapitalizatzeko interesagatik. Orain denbora bat erositako kriptotxanponek hamar edo ehun aldiz biderkatu dute euren balioa, baina gero salerosketa arruntetarako ezin badira erabili, balioa altu dagoenean komeni zaie diru arruntean bihurtzea. Nola lortzen da hori? Jende berria sartuta sisteman, kriptotxanponak euroengatik erosiko dien jendea. Gizarte osoa hartu dute jomuga: euren aurrezkiak dituzten familiak, esaterako, eta baita gazteak ere. Youtuber-ekin, streamer-ekin gazteengana heltzen dira, diru erraz eta azkarraren ideia salduz. Telebistako publizitatea erregulatuta dago, baina orain arte Internetekoa ez, eta horretaz baliatzen dira estalitako publizitatea egiteko. Bestalde, sareko izar horietako asko aberatsak dira eta dirua izango dute kriptotxanponetan inbertituta, beraz interesa dute horretan jendeak interesa mantentzeko eta altu daudela saltzeko. Hor dago tranpa.
Baina oso arrisku handiko inbertsioak dira, batez ere orain. Jada hasia da beherakada. Urtetan igo eta igo ibili ostean, iazko apirilean, esaterako, 60.000 euro balio zituen bitcoinak eta uztailean balioa erdira jaitsi zen: horrek esan gura du apirilean bitcoin bat erosi zuenak, pare bat hilabetean erdia galdu zuela. Gero berriz igo zen, baina orain berriz ere erdira jaitsi da. Denbora askoan gora joan da, bai, baina ezer ez doa gora etengabe. Irabazteko aukera handiak daudenean, arriskuak ere handiak izaten dira. Inbertitzaile profesionala bazara, dirua eta denbora sobera duena, ez dakit; baina familia edo gazte batentzat, adibidez, oso arriskutsua da.
Erabilera onuragarririk ikusten al diozu kriptodiruari?
Ez dakit, beharbada ideia gisa, mundu osorako txanpon baten ideia, mundu osoan balio bera izango duena, interesgarria izan daiteke, baina horrek ere izango luke orain aurreikusten ez dugun ondorio okerrik (bitcoinenak ere ideia ona zirudien, baina jendearen berekoikeriak zertan bihurtu duen ikusi dugu). Are, horrelako ideia bat kriptotxanponen kontzeptuaren aurkakoa litzateke agian, estatuen interbentziorik gabe funtzionatzea baitute oinarri. Orduan, nola bermatu egonkortasuna eguneroko ekonomiarako baliagarri izan dadin, edo nola bermatu banaketa egokia?
Oinarri teknologikoa bederen interesgarria da? Kriptodiruaren ezaugarri gisa aipatzen dira anonimotasuna eta manipulaezintasuna, adibidez.
Anonimotasuna eta konfidentzialtasuna interesgarriak izan daitezke, baina horrek ere badu bere ifrentzua: gaur egun gertatzen da justu horregatik kriptodirua legez kanpoko jardueretarako erabiltzea. Finean, kriptodiruaren oinarri teknologikoan dauden anonimotasuna eta interbentziorik eza, liberalismoaren gailurra dira, horrelakoek espekulazioan eta burbuiletan amaitzen dute, hauekin bezala.
Kriptotxanponen oinarrian dagoen blockchain edo bloke-kateen teknologia bai izan daiteke interesgarria. Fidagarritasuna eman eta manipulaezintasuna bermatzen duen datu-base deszentralizatuaren ideia interesgarria izan daiteke gauza askotarako. Baina gorago aipatutako energia kontsumo handiaren eta ingurumenari egiten dion kaltearen arazoa ere hor dago...
Orain arte kriptodirua zer zen ez zekienak, kezkatu behar du? Berandu ari da heltzen etorkizunera?
Ez, alderantziz esango nuke. Azkenaldian toki guztietan kriptodiruaren inguruan berba egiten entzuteagatik erostekotan dagoenak, arrisku handia hartuko du. Oso gorabeheratsuak dira kriptotxanponak eta asko galtzeko aukerak handiak dira. Espekulatzaileen eta dirua inbertitzeaz bizi den jende horren kontuak dira; guretzat, jende xehearentzat, erabilera errealik ez du eta interesik izatekotan, egonkortzen denean (egonkortzen bada) izango du. Baina une honetan, behintzat, ez da batere ideia ona kriptodiruan inbertitzea.
“IKUSIKO DA MUGIKORREK GURE BIZITZA ALDATU DUTEN MODUAN ALDATUKO DUEN METABERTSOAK, EDO MODA LABUR BAT IZANGO DEN”
Kriptodiruari buruz asko hitz egin da aspaldion eta hor dago baita ere metabertsoa: mundu birtual bat, non enpresak eta erabiltzaileak dirua inbertitzen eta presentzia handitzen ari diren. 1999ko Matrix pelikulak planteatutakoak gero eta gertuago daude?
Ez dakit Matrix den, edo Ready Player One pelikula, zeinak hiru dimentsiotako betaurrekoak jarriz esperientzia inmertsiboak planteatzen dituen; mundu fisikoan partez mundu digitalean bizitzeko aukera. Neurri batean, gero eta gehiago gaude murgilduta mundu erreala ez den beste baten: gaztetxoak, eta helduak ere, egunerokoan, tabernetan, etxean... beti mugikorreko pantailara begira ikusten ditugu, sare sozialetan sartuta. Ez da bere horretan mundu birtual bat, baina bai beste ziber-errealitate bat. Metabertsoa ere gauza antzerakoa izango omen da, baina hiru dimentsiotan eta kriptodirua nonahi. Lortuko ote duten gu denak horretan sartzea? Tira, mugikorrei eta sare sozialei pegatuta egotea lortu badute... Argi dago enpresa teknologiko handiek, bereziki orain arte Facebook bezala ezagutu dugun Metak, interes handiak dituztela horretarako, inbertsio handiak egin dituztelako bai hardwarean eta baita softwarean. Ez dakit arrakasta izango duen. Bere garaian ere egin zen antzerako saiakera bat Second Life izenekoarekin. Ez zen 3D betaurreko eta horrelakoekin, baina hura ere hiru dimentsiotako mundu birtual bat zen, jendea han egoten zen, enpresek hitzaldiak egiten zituzten han, publizitatea ere jartzen zuten... Etorkizuna izango zela ematen zuen, eta gero desagertu egin zen. Ikusiko da mugikorrek gure bizitza aldatu duten moduan aldatuko duen metabertsoak, edo moda labur bat izango den.
Gizartea, orokorrean, informatika eta teknologia kontuetan alfabetatua ikusten duzu?
Ez; joeren, moden eta albokoak egiten duenaren arabera jokatzen dugu eta ez dugu benetan hausnartzen egiten digun ekarpenaren edo etorkizunean izan ditzakeen kalteen inguruan. Bete-betean sartzen gara eta kalteez konturatu orduko beranduegi izaten da sarri. Gero eta jende gehiagori entzuten diot denbora gehiegi pasatzen duela bateko edo besteko sare sozialetan, eta batzuek uzten duten arren, beste batzuek dagoeneko etsita daudela esaten dute. Badago zer hausnartua, baina ez da erraza buelta ematen, denok gaudelako gurpilean sartuta.
Informatikaria zaren heinean, zuretzat zein izan beharko litzateke informatikaren eginbeharra?
Duela urte asko, ni informatikan sartu nintzenean, gauza berri samarra zen eta orduan hasi zen hedatzen. Aukera asko eskaintzen zituen gauza bat bezala ikusten nuen, jendearen bizitza errazteko eta laguntzeko tresna moduan. Gaur egun ere ikusten diot potentzial hori, eta uste dut gauza askotan lagundu egin duela, baina gauza txar asko ere ekarri ditu. Eta berez ez da teknologiaren beraren errua, baizik eta jendearen diru-gosearena: enpresak sartzen direnean eta dirua egiteko aukera dutenean, berdin die egiten dioten erabilera jendearen kalterako edo onerako den. Mila gauzarekin ikusi dugu hori, Internetekin adibidez: hezkuntzarako, komunikaziorako, informatuta egoteko tresna itzela da; baina gaur egun desinformatzeko, jendea elkarren aurka jartzeko... erabiltzen da.
Zu zeu, zer ari zara ikertzen une honetan?
Elhuyarreko hizkuntza- eta hizketa- teknologien arloan egiten dut lan: hizketaren ezagutza eta sorkuntza, itzulpen automatikoa... Horretan aurrerapen handiak egin dira, benetan erabilgarri eta praktiko izateraino, eta jendearentzat baliagarriak eta euskararentzat onuragarriak diren tresnak sortzen ari gara, eta egunero ari gara aurrerapen berriak egiten. Une oso interesgarrian gaude. Eta teknologia honek kalte edo arriskuren batzuk izan ditzake agian, baina batez ere, onura asko ditu irisgarritasunari eta hizkuntza gutxituei begira.
2010ean hasitako bideari jarraiki, Salvat argitaletxeak Asterixen komikiak euskaraz berrargitaratzen jarraitzen du, urtero bat edo bi, kronologikoki, eta jada dozenatik gora doaz. Aurten Arbernoko ezkutua eta Asterix Olinpiar Jokoetan istorioei tokatu zaie txanda, jatorrian 1968an atera zirenak hain zuzen ere. Aukera aparta modaz inoiz pasatuko ez diren Goscinny eta Uderzoren klasiko hauek belaunaldi berriei ezagutarazteko eta, bide batez, gure liburutegiko bertsio hondatuak berriztekoa!
Joan den ekainaren 25ean eraman zuen eritasun batek Guillermo Gonzalez Escalada (Bilbo, 1971). Euskal komikizaleok ziurrenik Kortsarioen ostatua komikiaren irudi ederrengatik gogoratuko dugu, baina lan asko eta ona egina da hemen zein kanpoan.
Bere ibilbide profesionalaren hasieran animazioan aritu zen 10 urte baino gehiagoz Bilboko Merlin estudioan lanean, eta geroztik han ezagututako Sanvi eta Sedyasekin batera sortu zuen artboxINK estudioan ilustrazioan aritu izan da batez ere. L'Univers des Nains liburua ilustratu zuen Frantzian, Laurent eta Olivier Souillé anaien testuekin. Komikian gorago aipatutako Kortsarioen ostatua egin zuen Xabiroin Dani Fanoren gidoiarekin eta Frantzian Le chevalier à la licorne Stéphane Piatzszek gidoilariarekin, biak 2015ean. Xabiroi eta El Balanzín komiki-aldizkarien ohiko kolaboratzailea ere izan da hainbat urtetan.
Edozein profesionalek jaso dezakeen errekonozimendurik handienetakoa bere kideen partetiko miresmena da, eta euskal komikilariek beraien arteko handienetakotzat daukate Guillermo marrazki zoragarriak egiteko bere gaitasunagatik. Galera handia dudarik gabe euskal komikigintzarako.
Asier Iturralde Gaston donostiarra 2018an hasi zen Beti Berdin izeneko tabernaren umorezko zintak argitaratzen. Iazko konfinamenduan, normala denez, COVID-a ohiko gaia bihurtu zen tabernako pertsonaien artean, eta 2020 amaieran pandemia garaiko istorioak batzen zituen Beti Berdin taberna koronabirusaren garaian komikia atera zuen Iturraldek autoedizioan. Horretarako Bilboko Udalaren Bilbao aurrera programaren laguntza jaso zuen, eta Gaston argitalpenak bere zigiluaren bidez kaleratu zuen. Online eros daiteke bere webgunean, eta euro bat besterik ez du balio!
(Xabiroi aldizkariko 36 zenbakian, 2015ko ekainekoan, argitaratutako elkarrizketaren jatorrizko extended bertsioa)
Konta diezagukezu gure irakurleen adina zenueneko garaia? Noiz hasi zinen marrazten, nola etorri zitzaizun zaletasuna, noiz edo nola erabaki zenuen honetan arituko zinela...
Nik betidanik marraztu izan dut. Nerabezaroan, Granadako beste marrazkilari batzuk ezagutu nituen eta denok gauza bera nahi genuen, hau da, argitaratzea. Eta garai hartan, fotokopiagailu batekin (beno, orriak fotokopiatzeko diruarekin) aldizkaritxo bat egin zitekeen, fanzineen garai loriatsua zen. Hala hasi nintzen fanzineetan, fakultatean hasi baino lehentxeago. Fakultatearen azken urteetan Forum argitaletxean hasi nintzen, superheroiak egiten.
1990ean, gutxi gorabehera 23 urte zenituela, komikia utzi zenuen animazioaren munduan hasteko. Zergatik gertatu zen hori?
Oso erraza: Arteko karrera amaitu nuen eta lan egin, arduratsu bihurtu eta aitatxo eta amatxorengandik independizatzeko beharra inposatu zen. Orduan, Madrilera animazioan lan egitera joandako fanzineen garaiko burkide batek deitu ninduen. Eta marrazki bizidunetan lan egitea burutik inoiz pasatu ez bazitzaidan ere, hara joan nintzen mundu hori ezagutzera, eta giroa ikusi nuenean liluratuta geratu nintzen. Pentsatu nuen beharbada karrera egin nezakeela animazioan. Eta horrela 3 urte egin nituen Madrilen eta beste 10 Disneyn.
“Blacksaden lehen albuma egitea erabaki nuenetik 7 urtera atera genuen”
2000 urtean, artean Disneyn ari zinela, Blacksad argitaratu zenuen Madrileko garaietan ezagutu zenuen Juan Diaz Canales gidoilariarekin.
Bai, pare bat urtez ikasten eta lanean egon nintzen lehen animazio-estudioan ezagutu nuen Juan, bera ere marrazkilaria, eta segituan sortu zen elkarrekin komikia egiteko gogoa. Nik oraindik komikiaren harra neukan barnean, nahiz eta bizimodua egiteko bide gisa alde batera utzita izan. Eta Juanek animatuta, poliki-poliki joan nintzen proiektu gero eta anbiziotsuago batean murgiltzen eta album oso bat ateratzeak suposatzen duen saltsa ikaragarrian sartzearen ideia onartu nuen. Azkenean, erabaki nuen Blacksaden lehen albuma egiteko denbora eta esfortzua hartzea, eta lehen albuma une horretatik 7 urtera atera genuen. Urte asko eman nituen zirriborroak egiten, teknikak probatzen, akuarelak egiten... Gidoia bagenuen, storyboard osoa egin nuen, eta gero han gelditu zen, kaxoi batean zain. Azkenean aurrera egitea erabaki nuen arte, nire buruari esan bainion mugitu ezean mendea amaituko zela eta ez genuela ezer egingo. Beraz, apur bat sineskeriagatik atera zen! Beno, baita ere lagunek eta beste jende batzuek animatzen nindutelako. Orduan, probarako hainbat orri egin nituen, hainbat editoreri aurkeztu nien eta harrera ona izan zuen. Tira, ez denak, baina Frantziako argitaratzaile handi batengandik erreakzio on bat izatearekin, jada bikaina zatekeen, beraz gustura ginen.
Harritzen du komikiaren munduan curriculumik ez duten bi egile espainiarrek zuzenean Frantziako merkatuan argitaratzea.
Proiektu nahikoa interesgarri bat baduzu, ongi pentsatua dagoena, atentzioa emango dio edozein editoreri. Editore bati bost axola dio nondik zatozen. Areago, badaki Espainiatik datorren egile batek gehiago lan egingo duela eta ordainketekin, kontratuaren baldintzekin eta abarrekin ez dela hain aldarrikatzailea izango. Ze, egia esan, nik hogei urte daramatzat Frantzian bizitzen, eta hemen irabazten dudan herenarekin Espainian hemen bezain ongi bizi ahal izango nintzateke. Orduan, argitaratzaileak interesgarria eta indartsua den edozein proiekturi irekita daude, datorren tokitik datorrela. Baina ongi komunikatu behar duzu, eta hizkuntza traba bat izan daiteke. Europako komikiaz hitz egitea, komiki franko belgikarraz edo frankofonoaz hitz egitea da. Merkatua eta argitaratzaileak Frantzian eta Belgikan daude. Eta askok ezin dute beraien proiektua ongi azaldu ingelesez egin behar dutelako. Orduan, edo pilak jartzen dituzu frantsesarekin edo kaka jaten duzu, hori hala da. Eta nik jada hitz egiten nuen. Ez da faktore bakarra, jakina, eta horrek ez du zertan proiektu bat aurrera ateratzea eragotzi, baina traba bat bada.
“Editore frantses batek badaki Espainiatik datorren egile batek gehiago lan egingo duela eta ez dela hain aldarrikatzailea izango”
Baina normalean merkatu frantsesean sartzeko pixkanak hasi behar da, enkarguzko lan txikiak eginez argitaletxe batentzat... Eta zuek curriculumik gabe eta zuen proiektu propioarekin, egile-lan batekin, animatu zineten frantziar merkatu zailean saiatzera.
Egia da apustu arriskutsua zela, baina ez genuen ezer galtzekorik. Ni Disneyn lanean nengoen eta kristoren soldata irabazten nuen, eta Juanek bere animazio-estudio propioa zuen, une hartan handia zena eta etengabe lanean ari zena. Beraz, abantaila genuen, ez dut esango gure baldintzak inposatzeko moduan geundela, baina argitaletxearekiko egoera ezberdinean geunden. Ez zen argitaratu nahi duen eta nola edo hala egin nahi duen eta inposatzen dioten edozein baldintza onartzeko prest dagoen hasiberri baten egoera bera. Lehenengo albumarentzat minimo batzuk jarri genituen. Ez ziren eskakizun edo baldintza bereziki ameslariak, baina gauza batzuetan ez geunden prest amore emateko. Baina proiektua interesgarria zen eta hainbat editoreri gustatu zitzaien. Editore batzuek ez zizkiguten baldintza horiek onartu nahi, baina askok ikusi zuten ez genuela ezer galtzeko, aurrez ezer argitaratu ez arren beste egoera batean geundela, ez genuela hori behar, jada bagenuela lan bat, hau egitearen plazeragatik soilik egiten genuela, “baldintza hauetan ez bada ez dugu egingo” esateko posizioan geundela. Azkenean, batek baldintza hauek onartzen badizkizu eta besteak ez, ba kito, badakizu zein den lan egin nahi duzun editorea. Hainbat argitaletxek interesa agertu zuten eta baldintzak onartu zizkiguten, eta azkenean Dargaud aukeratu genuen. Egia da kristoren muturrekoa har genezakeela, baina zorionez ez zen hala izan.
Blacksad, atera zenetik eta zenbaki guztietan, arrakastatsua izan da salmentetan, kritikan, sarietan... Zergatik uste duzu dela?
Ez dut arrastorik ere! José Luis Munueraren arabera, Blacksadekin helduek txikitan Disney-ren filmekin sentitzen zuten gozamena berriz bizi dezakete, baina helduentzako produktu batekin, haurrentzako zerbait irakurtzen egotearen errudun sentsaziorik gabe. Hau da, helduentzako Disney bat irakurtzen ari dira, eta horregatik harrera ona. Eta ez dut uste oso oker dabilenik (Munuera oso gutxitan dabil oker, murtziarra izan arren, arrazoia izan ohi du, kar kar kar...).
“Editore frantsesari proiektua ongi komunikatu behar diozu, eta hizkuntza traba bat izan daiteke”
Blacksad, nobela beltz ohikoan ez bezala, ez da AEBko hiri handi tipikoan soilik gertatzen. Seriean 50eko hamarkadako AEBen erretratua egiten da: hiri handiak, hegoaldea (New Orleans), Amerika landatarra (Texas, Oklahoma...). Hori izan daiteke bere arrakastaren arrazoietako bat, Hollywood-eko zineari esker hori denon subkontzientean baitago eta familiarra egiten baitzaigu?
Oso zuzena iruditzen zait diozuna, hala baita, AEBko hamarkada baten erretratua da. Gaien aldetik batetik, baina hor dago ere alderdi fisikoa, garai haren xarma bisuala. Une edo hamarkada hori da, hainbat arrazoirengatik (gerraostea, kultura popularra, kontsumo-gizartearen sorrera, Yves Saint Laurent edo Luther King bezalako pertsonaiak...), mendebaldea gaur egun duen itxura edo look-a hartzen hasten da. Oso gutxi aldatu da Cary Grant-en Con la muerte en los talones [North by Northwest, 1959] filmeko janzkera gaur egungo trajeetaraino, kasik molde berbera dute. Aldiz, 40ko hamarkadako trajeek ez dute zerikusirik gaurkoekin, eta 30ekoek zer esanik ez! Nahiz eta egia den gaur egungo autoak kaka zaharra direla ordukoekin konparatuta, kar kar kar...
AEBen erretratu horren alderdi bisuala egiteko, nola dokumentatzen zinen?
Sarri bidaiatu dut hara. Hainbatetan izan naiz New Yorken, New Orleans-era berariaz joan nintzen Blacksadentzat... Midwest-a eta 66 ruta ez nituen bere garaian egin baina azken uda honetan 66 rutaren parte batean izan nintzen, ez Texasen baina bai Utah-n eta beste toki batzuetan, oso bidaldi interesgarria. Eta ezagutzen ez nuen paisaia amerikar batera ohitu nintzen. Oso interesgarria da zuzeneko dokumentazioa, zuk ateratako argazkiak. Zure zeure argazkiek beste ikuspegi bat dute beste argazkilarienengandik. Baina dokumentazioan funtsezkoa da beste argazkigileen lana, bereziki gizartea den bezala islatzen duten argazkilari handien erreportaje fotografikoak: Andreas Feininger, William Klein eta abar. Garaiko filmak ere bai. Norman Rockwell pintorea beste erreferentzia bat da, dokumentaziorako erabiltzeaz gain, keinu eta omenaldiak egiten dizkiot aukera dudan bakoitzean.
“Apustu arriskutsua egin genuen Blacksadekin, baina ez genuen ezer galtzekorik [...] Gure egoera ez zen edozein baldintza onartzeko prest dagoen hasiberri batena”
Nobela beltzarekiko beste ezberdintasuna da hartan apenas agertzen dela garaiko testuinguru sozial, politiko edo ekonomikoa, Blacksaden gai horietako asko lantzen dituzuen bitartean: arrazakeria, drogak...
50eko hamarkadako AEBak gaien, inspirazio-iturrien, anekdoten, une historiko interesgarrien, mendebaldearen historiako momentu giltzarrien... iturri agorrezina dira. Garai hori oso aberatsa da berez, eta aberastasun hori esplotatzen dugu. Eta atsegina da garaiko gai sozialak kontatzea, orduko gizartearen pentsamoldea, gertatu ziren gauzak, gerta zitezkeenak... Bestalde, gai sozial hauek betierekoak dira, samingarria da ikustea honek ez duela asko aldatu 50eko hamarkadatik. Badaude gauzak aldatu direnak, Jainkoari eskerrak, baina oinarrizko arazo askok jarraitzen dute. Nola izan daiteke gaur egun, jendeak duela 60 urte zeukala zirudiena baino adimen gehiago izanik, gertatzen diren gauzak gertatzen jarraitzea? Gizakiak hain doilorra izaten jarraitzen du...
Zergatik erabaki zenuen kolorea eskuz egitea? Hasieratik argi izan zenuen, edo kolore digitalarekin ere probatu zenuen?
Garai hartan nik ez nuen arrastorik ere digitalaz. Zerbait ibilia nintzen Photoshop-ekin baina soilik betiko lau baliabide berak erabiltzen amaierako konponketentzat. Garai hartan ez zen kolorea ordenagailuz egiten, hasten ari zen hori, baina orduko ordenagailuko koloreak ziren, oso itsusiak, dena degradatu- edo aerografo-efektua... Gaur egun ia inork egiten ez duen hori. Hark ez ninduen inoiz interesatu, hasieratik neukan akuarela erabiltzeko asmoa, horren gogoa neukalako. Iruditzen zitzaidan mugatua egon arren gustura egongo nintzen teknika bat zela. Eta bost album izan ditut teknika hobetzen joateko.
“Blacksadekin helduek txikitan Disney-ren filmekin sentitzen zuten gozamena berriz bizi dezakete, baina helduentzako produktu batekin, haurrentzako zerbait irakurtzen egotearen errudun sentsaziorik gabe”
Blacksaden album bakoitzean kolore bat da nagusi: beltza, zuria, gorria, urdina eta horia hurrenez hurren. Hori gidoilariaren ideia da edo zure kontua da?
Poliki-poliki etorri zen eta oso modu naturalean, bere kabuz inposatu zen, une jakin batean jabetu ginen fenomenoa izan zen. Lehen albuma oso iluna atera zen, sekuentzia asko gauez gertatzen ziren, orduan azala beltza izatea logikoa zen. Bigarrenean elur ugari zegoen eta azalari zuria ongi zihoakion. Hirugarrenaren izenburua Alma roja (Arima gorria) zen eta azala gorria zen, eta orduan konturatu nintzen: “Juanek norabait narama honekin”. Orduan ikusi nuen izenburuetan ere zegoela, Un lugar entre las sombras (Nonbait itzalen artean), Arctic nation (Nazio artikoa)... Intentzioa ez zegoen hasieratik, uste dut bigarrenetik aurrera baietz, baina ni hain naiz trauskila, ez bainintzen hirugarrenera arte konturatu. Eta gero jarraitu egin genuen. Baina behin zuria, beltza eta oinarrizko koloreak erabili ondoren, amaitu da.
Ez da album berde bat egongo?
Marrazkigile garenez, berde bat badago, more bat eta laranja bat ere egon behar dira, beraz ez.
“50eko hamarkadako AEBak gaien, inspirazio-iturrien, anekdoten, une historiko interesgarrien, mendebaldearen historiako momentu giltzarrien... iturri agorrezina dira”
Pertsonaia bakoitzarentzako animaliaren aukeraketa gidoilariak egiten du, edo zuk aukeratzen duzu bakoitza marrazten duzun moduaren arabera bere izaerara moldatzeko?
Ez, Juanek egiten du hori. Animalia bakoitzaren rola izaeraren araberakoa da, ez da rol fisikoa. Beno, batzuetan beharbada bai, baina normalean ez, normalean Juanek deskribatzen du gidoian. Eta nik pentsatzen nuen, laugarren albumera arte, Juani ideiak agortzen ari zitzaizkiola, txikitan ez zituela animalien liburuak nik adina ikasi, animali gutxiago ezagutzen zituela eta apurka-apurka, eta bereziki laugarren albumean, gero eta iradokizun gehiago egin behar nizkiola, hau zergatik ez animalia hura, beste hau zergatik ez beste hura... Baina bosgarren tomoan Juanek casting-ean jarritako animali guztiak, lehenengotik azkenengora, errespetatu ziren. Batzuetan, ez bazait ongi iruditzen edo beste aukera batzuk ikusten baditut, eztabaidatzen dugu. Adibidez Oteroren pertsonaia, zeina hirugarren tomoan hontz zuri bat den, hasiera batean ahuntz bat izan behar zen, baina Lieber hontzarekin nahastuta hil behar zuten pertsonaia bat zenez, esan nuen, “zergatik ez hontz zuri bat?”. Pentsatu nuen hiltzaileari esango ziotela “akabatu hontza”, eta logikoagoa da hontz zuria hontzarekin nahastea, are gehiago bere txapela eramatean.
Zure beste serieetako bat Brujeando [Sorcelleries] da, beste estilo batean, beste publiko batentzat (haur edo gaztetxoena) eta umorezkoa. Erabat aldatzen duzu marrazteko estiloa. Zein estilo nahiago duzu?
Blacksadena. Niri munduan gehien marraztea gustatzen zaidana Blacksad da, oso argi daukat hori. Baina beste marrazketa-erregistro batzuk esploratzea ere gustatzen zait, adibidez cartoon eran marraztea ere atsegin dut (nahiz eta horretan aritu izan naizenetan ez zaidan hain ongi atera izan). Blacksadek estilo errealista du, argi dago, baina badaude pertsonaia komikoak eta egoera esajeratu edo karikatureskoagoak. Weekly pertsonaia, adibidez, karikatura samarra edo cartoon motakoa izan daiteke batzuetan, baina mugatu egin behar dut koherentziagatik. Horregatik asko gozatu nuen garai batez Brujeando egiten, cartoon estiloa egin ahal izateko. Pertsonaia oso errealistak oso cartoon motakoekin nahasten nituen, ia erabat estilizatuak, guztiz abstraktuak, katua bezala, zeina batzuetan orban beltz huts bat zen, hau da, ez dauka barruan zuriz ezta bibotea ere, silueta beltz bat da begi, aho eta belarriekin, baina ez zaio nabaritu behar inongo formarik orban beltzaren barruan, erabat abstraktua da.
“Nire arazoa ez da gauza asko egin nahi ditudala, gauza asko izan nahi dudala baizik: komikigilea, ilustratzailea, animatzailea, zuzendaria... Eta ezin da hainbeste gauza ezberdin izan”
Pierre Christinek iaz esan zigun berak izaera, zaletasun, gustu... anitz zituela, eta serie ezberdinetan marrazkigile ezberdinekin lan egiteak bere alderdi horietako bakoitza garatzea ahalbidetzen ziola. Berdin gertatzen al zaizu zuri, gidoilari eta serie bakoitzarekin?
Ezberdina da idazlearen lana, non beste norbait bilaka zaitezkeen eta beste eskema mental bat izan dezakezun. Marrazkigilea mugatuta dago egin dezakeenaren aldetik. Nik seriez aldatzean beste erregistro batzuk esploratu nahi ditut, pertsonaiak adierazteko beste forma batzuk, beste narrazio-teknika batzuk... Gainera, nire kasuan, nire komiki-erregistro ezberdinez gain, nire animazioko lanbidea dut, pintatzea gustatzen zait, noizbehinka ilustrazioa egitea atsegin dut, batzuetan teknika piktorikoago batzuk aplikatu nahi ditut (nahiz eta ez zaidan ongi ateratzen, oso gaizki pintatzen baitut)... Beraz, nire arazoa ez da gauza asko egin nahi ditudala, gauza asko izan nahi dudala baizik: komikigilea, ilustratzailea, animatzailea, zuzendaria (orain egin dudan bideoklip musikalarekin)... Eta ezin da hainbeste gauza ezberdin izan.
Zure komikiek arrakasta itzela duten arren, ez duzu maiztasun handiz argitaratzen.
Beste gauza askotan aritzen naiz. Aurten animaziozko film labur bat egin dut, bideoklip musikal bat, abentura handia izan dena. Nik neuk zuzendu dut, finantziazioaren sasiartean sartu naiz, produktorea izan naiz, storyboard osoa egin dut, Freak pertsonaiaren animazioaren erdia egin dut... Esperientzia oso atsegingarria izan da, baina aldi berean oso zaila, oso proba gogorra. Merezi izan du, jakina, baina oso gogorra izan da. Arazo nagusia baldintza ekonomiko onekin ez egin ahal izatea izan da. Daukazun ia edozein proiektu mota egiteko baliabide ekonomikoak behar dituzu. Komikiaren onena da ia baliabiderik gabe egin dezakezula, aurreko komikitik sobratu zaizun materialarekin (gehi papera, hori bai da apurtxo bat garestia) beste bat egin dezakezu. Marrazki bizidunak egiteko baliabideak behar dituzu. Bideoklipa egiteko baliabide asko behar izan ditut, talde bat, aurrekontu bat... Hori izan da zailena.
“Egin ditudan lan mota denak atsegin ditut, bat aukeratu beharko banu dohakabea nintzateke”
Komikiaren munduan hasi zinen, animaziora pasatu zinen gero, komikira itzuli zinen animazioa erabat utzi gabe, zuzentzen aritu zara... Zein lan da gehien atsegin duzuna? Zer aukeratuko zenuke batekin gelditu beharko bazina?
Denak atsegin ditut, hori da okerrena. Bat aukeratu beharko banu, dohakabea nintzateke. Komikia da gehien atsegin dudana, baina horretan urte asko daramatzadanean animazioaren harra sartzen zait, horregatik egin nuen klipa. Eta noiztenka ilustrazioa egin eta ilustrazioaren lengoaia gehiago esploratu nahi izaten dut, pintatzea ere nahi izaten dut... Ilustrazioa egiten dudanean, komikiaren teknikarekin egiten dut gehienetan, baina modu piktorikoagoan egiten saiatzen naiz beste batzuetan. Baina hau gehiago kostatzen zait ez delako nire lengoaia, ez dut hain ongi menperatzen (edo ez dut batere menperatzen), baina nahiko nuke eta erakartzen nau.
Zertan ari zara lanean orain, beste Blacksaden baten asmorik ba al duzue?
Proiektu bat daukat gidoilari frantziar batekin, Alain Ayroles, Kapak eta letaginaken gidoilaria [Sauré argitaletxeak atera zuen albumen bat euskaraz duela hamar urte baino gehiago]. One-shot bat egin behar dugu, liburu autokonklusibo bat, oso anbiziotsua, kolore zuzenean, 100 orrialdekoa gutxienez, eta itxura oso ona duena. Hau da hurrengo proiektua, gero beste Blacksad bat, eta gero gerokoak.
Juanjo Guarnido (Granada, Espainia, 1967) ikasle zela hasi zen komikigintzan, lehenengo fanzineetan eta ondoren Forum argitaletxean. Animazioan aritu zen gero, hiru urtez Madrilen eta ondoren beste hamar urtez Disneyn, Parisen. Han zela, Juan Diaz Canales gidoigilearekin Blacksad komiki-saila hasi zuen, animali antropomorfoak protagonista dituen genero beltzekoa, XXI. mendeko komiki-serie arrakastatsuenetako bat salmenta, kritika zein sari aldetik. Komikian Brujeando edo Sorcelleries komiki-saila ere egin du, eta animazioan, ilustrazioan eta pinturan ere aritzen da tarteka. Azkenaldian Freak Kitchen taldearen Freak of the week abestiaren animaziozko bideoklipean aritu da, zuzendari, produktore, storyboard egile eta beste hainbat lanetan. |
---|
Onartu behar dut, jokoekin arazo bat dut. Kontuz, ez JOKOArekin, hau da, ez dirua jokatzen den zorizko jokoekin. Trebetasunezko jokoekin zein burua haustekoekin dut arazoa, bideo-joko zein mahaigaineko izan: behin probatuta, sarri katigatuta geratzen naiz, eta ez dut bakerik amaitzea lortu arte edo, denbora asko eman eta gero, amore eman arte. Bideo-jokoei dagokienez, haurretan Game & Watch makinatxoekin (bereziki Robot Maker) ibiltzen nintzen, nerabezaroan Sinclair ZX Spectrumeko jokoekin (Knight Lore, Manic Miner, Skool Daze, Highway Encounter edo Everyone's a Wally bezalakoekin), gaztetan PCtako lehenengotako jokoekin (Prince of Persia, Pitfall: The Mayan Adventure edo Monkey Island 2: LeChuck's Revenge adibidez). Horietako guztietako hainbat amaitu nituen (zenbaitetan aldizkarietako gidak edo tranpak baliatuta, dena esan behar bada). Eta heldutan eta nahiko berriki eta oso fuerte, semeei jarritako Wii-aren Dolphin emulagailuan joko batzuekin ere gertatu zait: Prince of Persia: Rival Swords, Prince of Persia: The Forgotten Sands eta Donkey Kong Country Returns bideo-jokoekin jo eta fuego aritu nintzen istorio osoa bukatu arte, eta Mario Kart Wii-n ere obsesionatuta egon nintzen pertsonaia eta kotxe guztiak askatu arte, zilindrada denetan (ispilua barne) eta zirkuitu guztietan urrezko kopa eta hiru izar eskuratu arte eta erlojuaren kontrakoak gainditu arte. Buruhauste jokoei dagokienez, haurretan maisuaren gurutzea eta puzzle lerrakorrak ebatzi nituen, eta Rubiken kuboa alde bat eta koroa bat (edo bi, ez nago ziur) egitea lortu nuen, eta kubo osoa egiten ikasi, jarraibideak jarraituta. Heldutan, haurrentzat erositako Rush Hour eta IQ Puzzler Pro-rekin tematuta aritu nintzen, ez dakit maila guztiak baina bai gehienak lortu artean. Tira, jokoekin arazoa izatearena esajerazioa da, joko batekin horrela tematzean, egunak edo asteak eman ditzaket orduak sartzen amaitu edo errenditu arte, bai, baina gero hilabeteak eta urteak ematen ditut beste bat probatu gabe. Baina semeek joko berri bat ongi dagoela eta probatu beharko nukeela esaten didatenean, gehienetan nahiago dut ez probatu, ezagutzen dudalako nire burua... ;-)
2005etik aurrera Sudoku jokoa mendebaldean hedatzen eta paperezko hedabideetan agertzen hasiz geroztik, batzuetan jokatu izan dut, bai egunkari eta aldizkarietan, bai ordenagailuan edo telefonoan, baina grina berezirik gabe. Errazak edo ertainak direnak erraz ebazten nituen teknika sinple batzuekin, eta zailak saiatu bai baina konplikatuak zirela ikusi eta utzi egiten nituen. Duela gutxi arte. Halako batean, ordenagailuko Linux sistemak instalatuta dakarren Sudoku programan partidatxo erraz batzuk jokatzen hasi, gero ertainetara pasatu, eta konturatu orduko zailak edo oso zailak ebazten saiatzen nenbilen...
Errazak eta ertainak teknika sinple batzuk aplikatuta egin daitezke, aukerak bilatze hutsarekin. Baina zailentzat ez dago teknika sinplerik apuntatzen-eta ibili beharrik gabekorik, edo nik behintzat ez dakit edo ez naiz gai buruan dena gordetzeko. Baina papera eta lapitzaren laguntzarekin zailentzako ustez funtzionatu zezakeen metodo bat garatu nuen: lauki bakoitzarentzako aukera posible guztiak apuntatzen nituen, hor ikusi lerro, zutabe edo 3x3ko koadroren batean aukera bakarrik gelditzen zen... eta aukera bakarrik ez zegoenetan, aukera posibleetako bat hautatu eta hortik jarraitu, baina irteerarik gabeko aukera bat aurkituz gero, azken hautaketa punturaino atzera egin behar eta beste bide bat probatu...
Kontua da aipatutako metodo hori aplikatzea konplexua dela, kalkulu eta konbinaketa asko egin behar dira, bide asko probatu batzuetan, eta akatsak egiteko aukerak handiak dira. Orduan, oso gutxitan lortzen nuen bukatzea. Baina zalantza nuen ea metodoak balio ez zuelako edo kalkuluren batean okertzen nintzelako ote zen.
Eta zerbaitetan badira onak ordenagailuak, kalkuluak egiten eta konbinazioak azkar probatzen da. Eta zerbaitetarako naiz informatikaria, ezta? Bada, pentsatutako metodoa inplementatzen zuen programa bat idatzi nuen. Konprobatu nuen metodoak funtzionatzen zuela sudoku erraz, ertain eta zailekin, baina oso zailekin ez beti; bide bat hautatu behar zuenean ausaz hartzen duen bidearen arabera, batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Baina programari esker metodoaren akats edo hutsunea aurkitu ahal izan nuen eta konpondu.
Sudoku ebazlea Python programa bat da eta GitHub-en jarri dut GPL lizentzia librearekin. Ustez, konponbidea duen edozein sudoku ebazteko gai da eta esaten badu ezin duela ebatzi, ebazpenik ez duelako da, baina ezin dut ziurtatu. Ordenagailuko sudoku jokoetan planteatzen diren hainbat sudokurekin eta zailtasun maila ezberdinekin probatu dut, eta beti ebatzi ditu. Ebazpenik ez dutela ziur dakidan kasuetan, ebazpenik ez dutela esan du. Sudokuak ebazpen bat baino gehiago badu, bat eman eta gelditu egiten da. Hurrengo exekuzio batean beste ezberdin bat eman dezake.
Exekutatzeko hainbat aukera daude. Aurrez definituta dakartzan sudokuetako bat ebaztea eska diezaiokegu (erraz, ertain, zail eta oso zail batzuk, hutsa, ebazpenik ez duen bat, ebazpen anitz duen bat...) edo guk sartuko dizkiogu ebatzi nahi dugun sudokuaren balioak. Azken emaitza soilik erakusteko esan diezaiokegu edo bideko pauso guztiak, une bakoitzeko aukeren egoerarekin (aukeretan lauki bakoitzerako dauden aukera posibleak erakutsiko ditu; hautatuko den aukera bakarra bada berdez markatuko du, hainbat badaude hartutakoa horiz markatuko du, eta uneren baten irteerarik gabeko bide batera iristen bada gorriz markatuko du, hautaketa bat egindako azken egoerara itzuliz eta beste hautu bat eginez). Eta pauso bakoitzaren amaieran guk tekla bat sakatu arte itxoiteko ere hauta dezakegu, edo ez.
Beraz, Sudoku jokoarekin ere izan dudan mailaz maila ebaztea lortzeko konpultsioa gainditu dut, metodo bat garatu eta programa bat eginda. Ez da beste munduko lorpenik, ziur sudokuak ebazteko milaka programa badaudela Interneten. Erronka pertsonal txiki bat, eta lortu izanaren gogobetetze eta harrotasun sentsazio xume bat besterik ez. Baina aizu, zertarako izan blog pertsonal bat horrelako gauzak kontatzeko ez bada? ;-)

Ikaselkar argitaletxeak Jordi Bayarrik zientzialari ezagunen bizitzen inguruan egiten dituen komikiak euskaratzen jarraitzen du. Lehenago Newton, Marie Curie, Darwin eta besteren biografiekin egin bezala, Ada Lovelacerena atera du orain, Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea izenburuarekin.
Ada Lovelace ez da beharbada beste zientzialari horiek bezain ezaguna, ziurrenik bere ekarpena informatika eta programazioaren arloan izan zelako, eta gainera ordenagailuak existitu baino 100 eta piko urte lehenago! Bere bizitza zirraragarria da eta ezagutzea merezi du (nik Benjamin Woolleyren Ada Lovelace, bride of science gomendatzen dut; Elhuyar aldizkarian ere idatzi nuen berari buruz). Ada Lovelace, jaiotzez Augusta Ada Byron, Lord Byron poeta ezagunaren alaba zen. Charles Babbagek asmatutako makina analitikoarentzat (egungo ordenagailuen kontzeptuak zituena, baina inoiz eraiki ez zena, orduan horretarako teknologiarik ez zegoelako) Bernouilliren zenbakiak kalkulatzeko algoritmo bat idatzi zuen Lovelacek: zer eragiketa egin behar ziren, zer ordenan, zer aldagairen gainean, begiztak, baldintzen menpeko jauziak... Hori guztia ordenagailu baterako programa gisa har daiteke. Horregatik, historiako lehen programatzailetzat hartu izan da Lovelace. Horrez gain, Lovelace ohartu zen makina analitikoa matematikatik harago aplika zitekeela, edozein informazio-mota tratatzeko, hau da, konputagailuak edozertarako izan zitezkeela ikusi zuen lehenbiziko pertsona izan zen. Eta azkenik, Lovelacek esan zuen Babbageren makina analitikoa ez zela inoiz gai izango gizakia sorpresaz hartu eta harritzeko; alegia, programatua dagoen gauzak egiteko gai besterik ez zela izango. Finean, adimen artifizialaren inguruko eztabaida abiarazi zuen, Alan Turing-ek bere artikulu eta test famatua baino 100 urte lehenago. Ada programazio-lengoaia aitzindariaren izena bere ohoretan jarrita dago.
Ezagutzea merezi duen bizitza, modu erraz eta atseginean ezagutzeko komikian idatzia.
2019an zehar Artur Laperlaren Superpatata saileko ordura arterainoko komiki guztiak euskaraz atera zituen Bang Ediciones argitaletxeak Mamut Comics bildumaren barruan, 9 guztira. Hamargarrena, Erdi arora bidaia, oraintxe atera da, eta hasieratik bertatik euskarazko bertsioa ere badugu. Etxeko txikienek komikiekin gozatu eta barre egiteko primerakoa!
Iaz eman genizuen scoop zirraragarria, 26 urteren ondoren Tintin berriz ere euskaraz atera zela. Zephyrum Ediciones eta Trilita Ediciones etxeek Castafioreren bitxiak berrargitaratu zuten, euskaraz gain galegoz, valentzieraz, aragoieraz, araneraz eta castúoz. Eta haren kontrazalean zioen "Hurrengo izenburuak" Ilargira bidean eta Ilargian oinez izango zirela. Bada, urte eta erdi baino gehiago behar izan dute, baina hemen dira!
Bi albumetan banatutako istorio hau gizakia benetan Ilargira iritsi aurretik fikzioan iritsi zeneko kontakizunetatik ziur aski ezagunenetakoa izango da, Jules Verneren De la terre à la lune eta Autour de la lune baita ere dilogiarekin eta H. G. Wellsen The first men in the moonekin batera. Baina beste hiru horiek ez bezala, Tintinen abentura errealistagoa eta zientifikoagoa da (Vernek kainoi erraldoi baten leherketarekin bidali zuen Ilargirantz bala-suziria, eta Wellsek grabitatea pasatzen uzten ez duen cavorita alegiazko materialarekin egindako ontzi batean). Hergék Tintinen bi liburuok idatzi zituenean 15 urte besterik ez ziren falta Apollo 11 Ilargira iristeko eta 3 urte Sputnik 1en lantzamendurako. Astronautika, espazioko teknologia, industria aeroespaziala eta espazioko lasterketa errealitateak ziren, eta Hergéren dokumentaziorako eta dibulgaziorako joera ia obsesiboa medio, Tintinen Ilargiaren inguruko bi albumak, emozioz eta intrigaz betetako abenturaz gain, espazioko bidaiei, zientziei eta teknologiei buruzko irakasgai erreal samar eta entretenigarria ere badira. Bere akatsik nabarmen eta ezagunena espaziotik Lurra hodeirik gabe erakustea izanik, inork ez baitzuen ordura arte lurra espaziotik ikusi eta ez zekien inork nola ikusiko zen. Eta, bitxikeria gisa, kobazulo batean ur izoztua ere agertzen du Hergék, eta berriki konfirmatu da ziurtasunez Ilargian ura dagoela.
Itzultzailea Inazio Mujika Iraola izan da (Castafioreren bitxiak-en Elkar-en edizio zaharreko itzulpenaren eguneratzaile gisa agertzen zen, orain itzultzaile gisa). Eta lehen albumaren izenburua aldatu du: euskarazko lehen edizio hartan Ilargira bidean zena orain Ilargia helburu da (jatorrizkoan Objectif Lune zen).
Eta Castafioreren bitxiak sei hizkuntzatan atera bazuten, hauek zazpi hizkuntzatan aterako dituzte. Aurreko hizkuntza guztiek errepikatzen dute batek (valentzierak) izan ezik, eta orain gainera asturiera eta mallorkera gehitu zaie.
Ilargia helburu eta Ilargian oinez, inoiz zahartzen ez diren komikiak, edozeinek gozatzekoak, baina bereziki etxeko txikienek (ni neu edo Riad Sattouf lekuko). Erosi, ez zaizu damutuko-eta!
Urtearen erdia baino dezente gehiago pasatuta, eta blogean 2020ko euskarazko komikien berri ematen oraindik hasi gabe... Izan ere, urte zoroa daramat: guztion pandemia kontuez gain, lanean lepo nabil Aditu.eus transkribatzailearekin (garatzen lehenengo, aurkezten gero, hobetzen ondoren...), proiektu pertsonalen bat, beste kontu batzuk... Tira, bada, ekin diezaiogun! Eta hasteko, urtearen lehen erdian atera diren 5 komiki didaktiko-dibulgaziozko aldarrikatzaileren berri emango dizuegu.
Irabazi asmorik gabeko elkarteek euren mezua zabaltzeko komikia gero eta gehiago darabilten erakusgarri, horrelako hiru lan berri atera dira aurten. Susanna Martinek Oxfam Intermon elkartearen enkarguz egin du Samaldan, eta Bizkaian etxeko eta zainketa lanetan aritzen diren Nikaraguako emakumeen errealitate gogorra kontatzen du. Kanpoaldean REAS Euskadi elkarteak atera du, Al Borde Films-en gidoiarekin eta Amaia Ballesterosen irudiekin, eta sistema kapitalistari aurre eginez beste ekoizpen- eta kontsumo-modu batzuk praktikatzen dituzten auzo autogestionatuei buruzkoa da. Eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak Hari batetik zintzilik: enplegu publikoaren kronika komikia argitaratu du, enplegu publikoaren behin-behinekotasunari buruzkoa, Ivan Batty-ren gidoiarekin eta Irati Merino Iratink-en marrazkiekin. Hiruak euskaraz eta gaztelaniaz atera dira, eta beraien webguneetatik doan deskargatu daitezke (hemen Samaldan, hemen Kanpoaldean eta hemen Hari batetik zintzilik).
Sauré argitaletxeak ere dibulgaziozko komiki bat dakarkigu. Sauré zen duela urte batzuk euskarazko komiki gehien egiten zituen argitaletxea, bereziki helburu eta gai hezitzaileekin, 2014 inguruan bat-batean desagertu zen arte. Orain ere bat-batean berragertu da, linea bereko komiki batekin: 2018an Frantzian atera zen Nesim Fintz eta Han-Mi Kim egileen Matematikako eta informatikako aparteko istorioak komikian. Izenburuak dioen bezala, komikia baliatuz ezagutarazi nahi dizkie gazteei matematika eta informatikaren historian izan diren aurkikuntza nagusiak eta pertsona garrantzitsuenen bizitzak.
Azkenik, Astiberrik eta Mundubat elkarteak ateratako Emakume guztiok komikian abortatzeagatik kartzelatutako El Salvadorreko emakumeen istorioak kontatzen dira. Herrialde hartan abortuak bi eta zortzi urteko kartzela dakar, haurdunaldia eteteko arrazoiak edozein izanik ere: abortu terapeutikoa, nahigabeko abortua... Baina areago, abortua leporatutako emakumeei hilketa larriagatiko epaia eta 30 eta 40 urte bitarteko kartzela ezartzen diete... Elizabeth Casillas eta Higinia Garay hortik pasatutako lau emakumeren istorioen bidez azaltzen saiatuko dira legedia horren izugarrikeria.