Western-ak tradizionalki kolono zuriak glorifikatu, amerindiar herrien suntsiketa justifikatu eta onen eta txarren arteko banaketa sinplista erakutsi du, nahiz eta onartu behar den horrek ez duela kentzen ikuspegi artistikotik zinema-pieza bikain asko utzi izana batetik, eta generoa inoiz ez dela erabat monolitikoa izan bestetik. Alabaina, aspalditxotik nagusi da anti-western edo western errebisionista deritzon azpigeneroa, non heroi-gaizkile dualismoa edota indarraren arrazoia zalantzan jartzen den, edo amerindiarren errepresentazio positibo bat egiten den; A man called Horse (1970), Dances with wolves (1990) edota Django unchained (2012) bezalako filmak dira honen adibide. Komikiei dagokienez, esan liteke ziurrenik western generoa AEBetan baino (non superheroien komikiak izan diren nagusi) handik kanpo landu dela gehiago, ia betitik ikuspegi errebisionista batetik eta azpigenero horretan nahiko aitzindari izanik, adibidez H. G. Oesterheld eta Hugo Pratt-en Sargento Kirk (1953-1959), Jean-Michel Charlier eta Jean Giraud-en Blueberry (1965-2005) edota Greg eta Hermann-en Comanche (1972-2002) bezalako lanekin.
Horietakoa da Harriet argitaletxeak euskarara ekarritako Wanted - Erretratu odoltsua ere. David Boriauk idatzitako album bikoitzeko istorioko protagonistak dira bere tribua sarraskitu eta bere ama hil zuen gaizkile-bandaren atzetik mendeku bila dabilen eta botere xamanikoak dituen Dull txeiene gaztea, anaiaren xerka dabilen eta emakumezkoa eta beltza den Rose sari-bilatzailea eta Oscar argazkilaria. Istorioaren osagarri bikaina dira Steven Dhondten irudi errealistak eta kolore iradokitzaileak, ederki irudikatzen dutenak mendebalde urruneko giroa. Emaitza, komiki guztiz gomendagarria.
Iaz kontatu nuen blog honetan nola aurreko urtean Pirinioen ipar isurialdeko GR-10 zeharkaldia egin nuen baina, eskatzen duen denbora, adina eta beste kontu batzuengatik errealista izanik, Euskal Herriko zatia soilik. Bada, iaz gauza bera egin nuen GR-11 hego isurialdeko zeharkaldiarekin, eta Belaguatik Hondarribirainoko ibilbidea egin nuen.
Aurreko artikuluan aurreko ibilbidearen inguruan kontatu nuen bezala, hau ere egin daiteke laguntzarekin (beste norbaitek edo taldekoen artean txandaka ibilgailu batekin fardelak etapa amaierara eramanik, ibilaldia egunerako beharrezko pisuarekin soilik eginez), edo etapa amaieratan aterpetxe, kanpin edo ostatuetan ostatatua (egun guztietarako eta eguraldi ezberdinetarako arropa eta oinetakoak, ostatuan aldatzeko arropa eta oinetakoak, mendirako trasteak, nezeserra, botikina, lo egiteko zakua, argia, bainujantzia eta toalla... beti soinean eramanik), edo mendian lo eginez (eta, beraz, aurreko gauza guztiez gain kanpin denda, su txikia eta ordezko bonbonak, sukaldeko tresneria, afaltzeko eta gosaltzekoak... gainean eramanez). Nire kasuan, oraingoan, laguntzarekin egin nuen, arin-arin. Eta berriz ere, zoragarria izan da. Gozamen hutsa da horrelako mendi-zeharkaldi bat egitea, eta eder-ederra da ibilbide osoa.
Ostatatzeari dagokionez, aurreko artikuluan esandako gauza ia berberak aplikatu ditzakegu hemen ere: kotxea izanez gero mugituta aukera asko izan dezakegu ostatatzeko, eta kanpin denda izanez gero toki asko daude lo egiteko egokiak herrietan zein mendian, baina kotxerik eta kanpin dendarik gabe, etapa amaieretan dauden ostatu eta aterpetxeak ez daude hainbeste zenbait herritan eta horietan erreserbak egitea komeni da, bereziki oporretan edo udako hilabeteetan egiten bada. Egiteko asmoa izanez gero, etapen, ostatuen eta beste gauza askoren inguruko informazioa https://travesiapirenaica.com/gr11/gr11.php helbidean aurkituko duzu. Eta jarraian, nire eskutik, zuzen-zuzeneko informazio zenbait eta track-ak.
GR-11 ekialdetik mendebalderako norabidean egin nuen nik eta, esan bezala, Euskal Herriko zatia soilik. Beraz, Belagoan hasi nintzen eta Hondarribiko Higer lurmuturrera iritsi, etapa hauetan:
Hori da ibilbiderik ohikoena, baina badaude aldaerak edo aukera gehiago:
Aurrekoan bezala, track-ak Wikiloc-en edo goian estekatutako webgunean ere aurki daitezkeen arren (nik horkoak erabili nituen telefonoan eta OruxMaps-en kargatuta), neuk grabatutako ibilbidearen track-ak Wikiloc-era igo ditut, eguneratuagoak eta editatuta egon daitezen (zenbait tokitan nik erabilitako track-ak oker edo zaharkituak zeuden) eta euskaraz. Hona hemen, nahi dituenarentzat:
Aurtengo udazkenean jada Iñaki Martiarena Mattinen hiru komikiren berri eman dizuegu: Hona bostekoa!, Memoriaren ibaia eta Txulotik - Remigioren Udarregi. Bada, ez da hemen bukatu, beste bi ere atera baititu!
Zortziko argitaletxearekin atera du U morea - Amore ez emateko, umorea. Izenburuak dioen bezala, umorezko marrazkien bilduma da, ekologia, ekonomia, gizartea, erlijioa eta politikaz mintzo dena.
Horrez gain, Larru marruak - Primi eta Maurizia ere atera du Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin eta Denonartean argitaletxearekin. Ixabel Agirresarobek idatzi du bertsotan Primi Erostarbe eta Maurizia Aldeiturriaga emakumezko panderojoleen inguruko istorio hau eta Mattinek ilustratu. Amaieran, panderoa jotzen ikasteko online bideo batzuk atzitzeko QR kodeak ere dakartza.
Balmaseda 1937 Elkarte Memorialistak Espainiako Gerra Zibilaren memoria historikoa komikiaren bidez landu nahi izan dute, eta Gerra eta diktadura frankista Enkarterrin atera dute. Gidoia elkartekoek eurek egin dute, eta marrazkiak César Llagunok. Komiki oso interesgarria eta beharrezkoa, niri gustatzen zaidanetakoa. Baina lehen edizioa agortuta du... bigarrenaren zain gaituzue!
Bang! ediciones / Mamut comics argitaletxea 2019an hasi zen Artur Laperlaren Superpatata saila euskaraz ateratzen, lehen 9 zenbakiekin, eta 2020an atera zuen 10.a. Iaz 11.a atera zuen, Nahaspila kosmikoaren lehen zatia, Bare erregearen itzulera. Eta aurten hamabigarrena atera da, Nahaspila kosmikoaren bigarren zatia, Bare erregearen mendekua. Pozgarria da txikienen artean arrakasta handia duen sail honek euskaraz jarraitzen duela ikustea!
Astiberriri dagokionez, lehenago komentatu ditugun beste batzuez gain, aurten Txikiberri haurrentzako komikien bere markaren barruan Lucas Ferreyraren Piqo-Piqo eta Indotxinako txipiroi erraldoi izugarria atera du. Irudi(men) ederrez betetako komiki honetan, izaki mitologikoen mundu batean bizi den Piqo-Piqo munduaren beste muturrera joan beharko da, maisu erretxinak elezaharretako olagarro bati hortz bat ateratzea agindu baitio etxerako lan gisa...
Amaia Ballesterosek Arbasoak komiki digitala atera du Alboan GKEarekin. Hainbat gairen inguruan kontzientziatzea du helburu: ur-baliabideen eskasia eta horien pribatizazio arriskua, herri indigenen eskubideak eta zapalkuntza... Ur-baliabide guztiak pribatizatuta dauden 30 urte barruko etorkizun batean, herri ezberdinetako lau gazte beraien arbasoekin konektatzen dituzten ahalmen magiko/mistikoak dituztela konturatzen dira, eta hori eta teknologia berriak baliatuta iraganera bidaiatuko dute ura munduarentzat berreskuratzeko. Alboan-en webgunetik komikiaz gain hezkuntzan baliatzeko material didaktikoa ere deskargatu daiteke.
Zalantzarik ez da komikia bide egokia dela hezkuntzarako edo zerbaiten inguruko ezagutza hedatzeko, eta horrelako gero eta gehiago ikusten ari gara euskaraz ere. Aurten eman dugu horrelako batzuen berri (historiari edo txakolinari buruzkoak, adibidez), eta orain zientziaren dibulgazioko biren berri dakarkizuegu.
Ikaselkar-ek Jordi Bayarriren zientzialari ezagunen inguruko saileko komikiak euskaraz ateratzen jarraitzen du, eta oraingoan Louis Pasteur mikrobiologiaren aitzindariaren bizitzari eta aurkikuntzei buruzko Pasteur - Mikrobioen iraultza komikiaren txanda da. Gidoia eta irudiak Bayarrirenak dira eta koloreak Dani Seijas-enak.
Eta Ttarttalok, iaz 24 ordu Harri Aroan atera ondoren, aurten 24 ordu espazioan dakargu, Nazioarteko Espazio Estazioko eguneroko bizitzari buruzkoa. Gidoia Rob Lloyd Jones-ena da eta marrazkiak lehenengo hura egin zuen Laurent Kling berarenak.
Iaz eman genizuen Txakomic ekimenaren berri: Bizkaiko Txakolinak, Mendibile Jauregia jatetxeak eta Jata-Ondo Uribe eskualdeko Landa Garapenerako Elkarteak elkarlanean sustatuta, Mikel Begoñak txakolinaren inguruko zazpi istorio idatzi zituzten eta zenbait egilek marratu, eta digitalean argitaratu ziren. Istorioak eta marrazkilariak ondokoak ziren: Parraren itzalean (Higinia Garay), Arrakala (Pedro J. Colombo eta Aintzane Landa), (Des)Blokeoa (Iñaket), Rokail (Adur Larrea), Agatharen azken kasua (Asier Iturralde), Erro sakonak (Josune Urrutia) eta Topaketa (Raquel Alzate). Bada, aurten denak batu eta Alex Orberen azalarekin paperean atera dituzte, Txakomic! - Txakolin zaporedun istorioak izenburuarekin.
Bestalde, Mikel Begoñaren gidoia eta Kike Infameren irudiak dituen Bizkaiko txakolinaren benetako eta ia behin betiko historia Parrapius Zerratia irakaslearen esanetan komikia ere eman dute argitara. Izenburuagatik asmatuko zenuten zertaz doan, ezta? Ba hori.
Salvat/Bruño etxeak, 2010eko hamarkadaren hasieran hasitako Asterixen komiki klasikoak jatorrizko kronologian berrargitaratzearekin jarraituz, 22. albuma atera du, Bidaia handia hain zuzen ere. Goscinny eta Uderzo egile jatorrizkoek egindako istorio honetan, gure heroi Asterix eta Obelix Panoramixentzako arrain bila itsasora ateratzen dira, baina ekaitz batek Amerikaraino eramango ditu...
Bestalde, iaz hasi zuten Idefix eta menderakaitzak saila, Latinari zaunka! istorioarekin. Bada, Obelixen txakurrari eskainitako spin-off eta prekuela (Obelix ezagutu aurreko Pariseko bizitza kontatzen baitu) honen bigarrena atera da orain, Kroketak erromatar erara. Gidoia Hervé Benedetti, Michel Coulon eta Simon Lecocq-ek egin dute, eta marrazkiak Philippe Fenech eta Jean Bastide-k egin dituzte.
Marie-Christine Thiry Merloren Aitorren ametsa 2015ean atera zuen Zortziko argitaletxeak, eta orain dator jarraipena, Aitor eta lanpa magikoa. Joaldun-surflariak oraingoan marea beltzaren munstroari egin beharko dio aurre.
Horrez gain, Eno egilearen lehen komikia atera du, Naiaren abenturak izeneko sailaren lehenengoa hain zuzen, Itsasoak irentsi zuen hiria izenburua duena.
Ooso Kataluniako etxea iaz hasi zen X-Venture manga argitaratzen, pertsona bat sendatzeko gorputzean sartzen diren robot miniaturizatuei buruzko Gorputza krisian - Erreskate handia saileko lehen biekin, 1 Arnasketa eta digestio aparatua eta 2 Zirkulazio-aparatua. Bada, aurtengo hasieran sail horren azkena atera du, 3 Nerbio-sistema, aurrekoak bezala Hot-Blooded Souls-ek egina, eta sail berri bat hasi du animalien ingurukoa, X-Venture - Primal Power, lehenengo liburukiarekin, 1 Erregeen sumina - Lehoia vs. tigrea, Slaium eta Meng-en gidoiarekin eta Black Ink Team-en marrazkiekin. Sail berrian, izenburuan ikusten denez, animaliei buruzko jakingarriak ikasiko ditugu, abentura dibertigarriez gozatzeaz gain.
Iazko hondarretan atera zituen Hachette etxeak Ahizpak izeneko komiki sailaren lehen bi komikiak, Ahizpak 1 - Ezinbestean, ahizpak eta Ahizpak 2 - Gure estiloan. Christophe Cazenove-ren gidoia eta William-en irudiak dituen umorezko komiki-sail honek bi ahizpa, Wendy nerabea eta Marine neskatoa, ditu protagonista, eta sail horretan oinarritutako marrazki bizidunetako seriea ETB3-n ematen dute. Bada, aurten saileko hurrengo lauak atera ditu, martxoan bi eta urrian beste bi: Ahizpak 3 - Bera hasi da!, Ahizpak 4 - Ikaragarria da!, Ahizpak 5 - A zer muturra! eta Ahizpak 6 - Wendy, maiteminduta.
Iazko Durangoko Azokako nobedadeetako bat izan zen Makina Maixu rol jokoa, zeinaren istorioa komiki batean oinarritzen zen. Komikia bera Rolariak elkartearen webgunean eta sare sozialetan atalka ateratzen joan ondoren, osorik paperean atera zuten komikia eta jolasteko materiala. Geroztik komikiaren argitalpenarekin jarraitu dute sareetan, eta orain bigarren zatia atera dute, Makina Maixu 2 - Rolari maltzurrak, hau ere Imanol Etxeberria eta Noemi Gallegoren gidoiarekin eta Imanol Etxeberriaren marrazkiekin. Eta lehenengoan bezala, bigarren honen protagonistak "...eta heriotxa emango diosu!" zioen hartan inspiratutakoa izaten jarraitzen du eta benetan barregarria da.
George Orwell-en Abereen etxaldeak ez du aurkezpenik behar. Napoleon txerriaren gidaritzapean etxalde batean gizakien aurka ematen den altxamenduaren kontakizun hau estalinismoaren satira alegoriko ezaguna da, eta, jakina, komikian ere baditu bertsioak. Horietako bat, Jungle argitaletxe frantsesak 2021ean Maxe L'Hermenier gidoilariarekin (Harriet argitaletxeak euskaratzen dituen Isaline-ren abenturen idazlea) eta Thomas Labourot irudigilearekin atera zuena, euskaraz atera du orain Txalapartak, Aiora Jakak itzulita. Klasiko hau ezagutzeko edo berrirakurtzeko modu ederra!
Zirt-zart Nafarroan!! Noaingo bataila, 1521 du izenburua Mintzoa etxeak argitaratu duen komikiak. Komunikabideetan umore grafikoa lantzeagatik ezaguna den César Orozek egin du, eta umorez baina zehaztasun historikoz lantzen du Nafarroaren konkistan berebizikoa izan zen bataila. Datu historikoak Peio Monteanoren Noain 1521 - El fin del principio liburuan oinarrituta daude.